Sakonean

  • Gutxiago ikusi

Alardea: Ezer berririk ez. ¿Ala bai?

2014/09/06 -
image

Hondarribiko Udalbatzak, EAJ, PP eta H1! alderdien babesarekin, duela gutxi eskatu dio Jaizkibel konpainia mistoari bere estrategiaren inguruko hausnarketa sakon bat egiteko eta, horrez gain, bere babes osoa erakutsi dio alarde pribatuari, hondarribiar gehienak horren aldekoak direla argudiatuz. Aldi berean, Hondarribiko alkateak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, biak EAJkoak, Alarde Fundazioaren lokal berriaren inaugurazioan izan dira, eta horrek garbi uzten du desfile pribatuari ematen diotela babesa. Emakunde, Arartekoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia bezalako erakundeek egindako adierazpenek, non udalei eskatzen baitzitzaien erantzukizunez jokatzeko 20 urtez iraun duen gizarte gatazkari konponbideak bilatzeko, Alarde Fundazioaren erantzun haserrea eragin zuten, berriz ere.

 

Beraz, pentsa liteke hainbesteko mugimenduan ez dagoela ezer berririk. Edo bai. Susmoa daukat oraingoan aldea dela mugimendu horiek, hain zuzen ere, ezer ez aldatzea nahiko lukeenarentzat gauzak lekuz aldatzen ari direla imajinatzeak sortzen duen urduritasunaren ondorio direla. Eta badute urduri egoteko arrazoia, hiru erakunde (Gipuzkoako Foru Aldundia, Arartekoa eta Emakunde), lehenengo aldiz, elkar hartuta ari baitira lanean konponbideak bilatzen eta aho batez eskatzen udalek ere haiekin bat egin dezatela. Eta Eusko Jaurlaritzak duela gutxi egindako azterketa soziologiko batek erakusten duelako hainbeste aldarrikatzen dituzten gizarte gehiengo horiek jada ez direla beraiek dioten bezalakoak: hondarribiarren %72k gatazkarentzako konponbideak eskatzen dituzte, %84k adierazten dute oraingo jaiak tristura, lotsa, gogaitasuna eta haserrea sorrarazten dizkiela, eta %43k formularen bat nahi dute emakumeek parte hartzeko aukera izan dezaten, baina ez orain bezala.

 

Egoera berri horren aurrean, Hondarribiko Udalaren eta Alarde Fundazioaren erantzunak zahar usaina dauka. Antzua, frustragarria eta oso mingarria izan dela frogatuta dagoen eta, gainera, onartezina eta arduragabea den jarrerarekin jarraitzen du Udalak: hots, Alardea bezalako topaketa kolektiboko gune nagusi bat pribatizatzea funtsezkoa den berdintasun eskubidearen betetzea saihesteko; hain zuzen ere, eskubide hori betetzea basakerian ez bizitzeko gizarte talde modura hartu ditugun akordioetako bat da. Alarde Fundazioak, hasteko, biktimizatu egiten du bere burua erakundeek bultzatutako lintxamenduaz hitz eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat arazo nagusia ez baita Alarde Fundazioa izeneko antolakuntza pribatua, Udalaren jarrera baizik. Eta, bigarrenik, gezurra esatea erabakitzen du Jaizkibel konpainia pasatzen denean protestak egiteko estrategian inolako erantzukizunik ez duela esatean. Urteak daramatzate ekintzak antolatzen berdintasunezko partaidetza defendatzen dutenak ahultzeko eta iritzia azaldu ez dutenak hertsatzeko; hala, haien isiltasuna aprobetxatzen dute gehienen babesa dutela aldarrikatzeko.

 

Beraz, zertan gara gatazka honen konponketari dagokionez? Ez dauzkagu konponbideak, baina bai bide horretan gidari izan behar ditugun zenbait elementu eta printzipio. Erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da, Alardearen auzia agendan sartu baita herrialde mailako arazo gisa; horrelako beste gizarte gatazka bat berriz gertatzea ekidingo duten irakaspenak ateratzeko aukera ematen digulako; eta helburu bakarra konponbideak bilatzea izatea ahalbidetzen digulako, gatazkaren inguruan dauden alderdikeriak gainditzea eta arma moduan ez erabiltzea lortzeko.

 

Udalak dira egoera hori aldatzeko gakoa. Adorea behar dute gizarte gatazka bat dagoela aitortzeko, ahots guztiak entzuteko —ez baita gehiengoentzat gobernatzen, gizarte osoarentzat baizik— eta zintzotasunez konponbideen bilaketan inplikatzeko. Beti esan diegu ondoan izango gaituztela laguntzeko, erakunde publiko gisa legitimizatzen gaituenaz arduratzea erabakiz gero: arazo kolektiboak konpontzea.

 

Konponbide-bilaketak taldean baretasunez eztabaidatzeko gai izan behar du, Alardearen eta haren kuestionamendu kritikoaren inguruko tabuak apurtzeko. Baina eztabaida horietan ezin da ahaztu jaiak errituak direla, elkarrekin bizitzeko hartu dugun erabakia eta adostutako kontratu bati jarraituz bizitzeko sinatu dugun ituna irudikatzen dituztenak. Beraz, herritarren zati batek ezin ditu modu pribatuan zehaztu jaiak eta ezin du adostutakoa ez errespetatu. Horrenbestez, edozein konponbidek eskatuko du jaiak publikoak eta berdintasunezkoak izatea, akordioaren eta adostasunaren bitartez elkarrekin bizitzea aukeratu dugunontzat bizitzeko eta gozatzeko moduko jaiak izatea, gehiengoen edo gutxiengoen mendean jarri gabe.