Nor gara

 

Emakumeen eta gizonen Berdintasunerako Organoak, Diputatu Nagusiaren Alorrari atxikia, kokapen hierarkiko pribilegiatua du, bai ikuspegi sinbolikotik bai funtzionaletik, eta, horri esker, generoaren zeharkakotasuna jorra dezake gainerako foru departamentuekin elkarlanean.

 

Organo sustatzaile bat da, bereziki jarduketa esparru hauek dituena:

- Berdintasuneko foru politikak sustatu, koordinatu, horien jarraipena egin eta ebaluatzea.

- Toki mailan, berdintasuneko politikak sustatzea.

- Lurraldean, sare eta praktika feministak sustatu eta indartzea.

- Indarkeria matxistaren aurkako borrokaren politika diseinatu eta haren jarraipena egitea, prebentzioaren eta arretaren ikuspegietatik.

- Gizartea sentsibilizatzea generoko ezberdintasunei buruz eta berdintasunaren alde.

 

Bere lana egin dezan, emakumeen eta gizonen Berdintasunerako Organoak 1.426.014 euroko aurrekontua du 2015eko urtean, eta lanpostu egitura hau: zuzendari nagusia, idazkari-administrari bat, berdintasuneko lau teknikari eta zerbitzuburu bat.

 

2007ko urtean sortu zen sortu foru zuzendaritza bat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorra esleitu zitzaiona, giza eskubideen eta garapenerako lankidetzaren alorrez gain. Berdintasun Zuzendaritza, berdintasunaren berariazko organo gisa, 2011ko urtean sortu zen. Erabaki horren bidez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen mandatua bete zen. Izan ere, lege horren indarrez, Foru Aldundiaren eginkizunetako bat da emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde politika eraginkorrak abiarazten laguntzea Gipuzkoako Lurralde Historikoan. Politika horiek behar baitute emakume eta gizonen premia eta egoerei erantzun, eta behar adina baldintza sortu, emakumeak eta haien ekarpenak historikoki bigarren maila batean zokoratu dituzten ezberdintasun estrukturalak ezeztatzeko. Hitz batean, zera da helburua: emakumeek eta gizonek goza dezatela berdintasun egiazko eta eraginkor batez gure Lurraldeko bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren eremu guztietan.

 

Zeregin korapilatsu horretan bidea egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Foru Plana (2012-20) onartu zuen, funtsezko helburu honekin: bizitzaren zaintza erdigunean jartzen duen gizarte eredu baten alde egitea Gipuzkoan. Plan hori egiten, foru departamentu guztiek hartu zuten parte, eta, horregatik bada, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean foru jarduna antolatu eta zuzenduko duen tresna dugu.

 

Horrekin guztiarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere ekarpena egin nahi du Gipuzkoa zuzenago eta berdintasunezkoago baten alde, non bizitzaren sostenguak foru politikak gidatu eta bizitza ekonomiko eta sozialaren alderdi guztiak egituratuko dituen.

 

Zeren gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde egiteak berarekin baitakar bizitzaren sostengua mesedetzen duten lanak lehentasunezkotzat onartu eta jotzea, zernahi eremutan landutako gaitasun eta trebetasun guztiak baloratzea, sasoi sozialak bizitzaren zerbitzura antolatzea eta, horri guztiari esker, gogobetetasun pertsonal eta kolektiboa areagotzea, horrek guztiak sortu, berritu, zaindu eta hobetzeko gizarte bezala dugun gaitasuna indartuko duelakoan.